Euskara  |  Castellano  

Taldeka eta Dalitak

Siguenos en FacebookSiguenos en TwitterSiguenos en YouTubeSiguenos en RSS

Recibimiento De mujeres Dalits

 

Taldeka


Anekal -Bangaloren- hezkuntza egitasmo iraultzaile baten aurrean egotearen uste osoa daukagu TALDEKA LAGUNDUZ'en. Jesuitak, gure kontrapartea, bereizketa baikorraren bidez Indian 1947'ko Konstituzioan debekatua izan arren bizirik dirauen kasten sisteman arrail bat zabaltzen diardu. Guarenahalliko gure egoitzean dauden neska-mutilak txiroenen artetik aukeratuak dira. Umezurtzak, osasun arazoekin eta, batzutan, elbarriak dira. Umeok Dalitak, ukiezainak, dira. Erligio ezberdinetakoak baina beti Dalitak. Nola ba ez dira beste kastetako umeak onartzen gure egoitzetan, brahmanak adibidez? Luze baino lehen Dalita brahmanaren gatibu bihurtuko litzatekelako.

Nahiz eta dalitak 200 miloi lagunetik gora izan Indian, jasaten duten gatibutza, bazterkeria eta tratu laidoztatua nazioartearentzat ezezagunak dira. Nekez ulertzen da, giza eskubide eta askatasunarengatik hainbat urtetan borrokatu eta gero, miloika pertsonentzako "gizatasuna" aldarrikatzen ibili beharra.

Hitzez-hitz, Dalit "ukiezina" esan nahi du. "Ukiezina" hitzak Indian ez du nahi ez Eliot Ness'tarrak gogorarazi, ez ipuinetako heroiak bururatu ezta boxeo izarrik izendatu ere. Itxuragabeko aipamena da. Ezarten zaionari inor ukitzea, inork ukitzea, baita urreratzea ere eragozten zaio. Dalitaren itzalak berak ere Dalita ez dena kutsatzen bait du. Beste hindu batzurentzat, beraiek aurrean izateak heriotzaz ere ordaindu daiteken eraso kriminal bat suposa dezake Dalitarentzat. Hinduen mitologiaren arauera, kasta guztiak Brahma jainkoaren gorputz ataletatik datoz, Dalitak ezik. Dalitek ez dute kastarik.

Hauek, jainkoak oinpean utzi zuen hautsetik jaio ziran. Horregatik gizarte hinduko azpirengoak dira. Gizaldiz-gizaldi, gizarteko lanik nahigabehenak, arbuiagarrienak, likitsenen zama jasan behar dute. Zaborrak, sarraskiak, gorpuzkiak ezabatzearen arduradunak dira. "Jainkozaletasunaren faszismoa da" Honela adierazten du AICC'ko lehendakari den Joseph D'Souzak. "Irtenbide politikoek ez dute batere lagunduko. Horrela balitz, gure Konstituzioak nahikoa behar luke" gehitzen du. Aurre egin behar diogun erronka bat da. Aurreiritziekin ez dago kooperaziorik. Era batera edo bestera, Dalitek beraien askatasunaren alde borrokatuko dira. Partaide izango gara edo ez? TALDEKA, bai.

Kasten kontzeptu atzerakoi eta zaharkitua Mendebaldera zabaldua izatea larriagoa da. The Guardian, egunkari britainiarraren ikerketa baten arabera, Errezuma Batuan hinduen elkarteetan Dalitak izateagatik 50.000 lagunek bereizkeria sofritzen dute.

. Una niña Dalit

Indiako 1947'ko Konstituzioak kastek eragindako bereizkeria eta ukiezintasuna galeraziarren, hauenganako basatikeriak ohizkoak dira. Ankerkeriok eragotzi asmoz, Indiako Gobernuak "Kasta eta Leinu Katalogatuen Legea (Basatikeriei Aurre Hartzea)" ezarri behar izan zuen. Araudi hau izan edo ez, basakeri eta bereizkeriak ez dira batere gainditu. Indiako txiroen %90'a eta analfabetoen %95'a ukiezinak dira.

Nahitaez, aurreko belaunaldiak sortutako zorrak ordaintzeko 40 miloi lagun inguruk lan egin behar dute Indian. Gehienak Dalitak dira. Kopuru honetatik 15 miloi soldata kaskar baten ordainez erdigatibutzan lan egiten duten haurrak dira. Neska gazte ukiezinen %64'ak eta mutilen erdiak, irakasleengandik jasoten dituzten irainak eta mespretxuak direla eta, ikasketak hasieretako mailetan utzi behar izaten dute. Indiako haur-esplotazioaren gehiena Dalit neska mutilek pairatzen dute .

. Emakume ukiezinen aurkako krimenak bereziki gogorrak dira. Askotan polizia, lurjabe edo kasta gorenetako gizonengatik kolpatu eta bortxatuak izaten dira. Devadasi, “Jainkoaren Mirabea”, India hegoaldeko erligio ohituraren izenean milaka neskato ukiezin prostituziora bultzatuak izaten dira. Ezin dira eskondu eta goi-kastetako gizonekin sexu harremanetara behartuak izaten dira. Emakume Daliten egoera zapaldutako beste gizarteetakoena bezalakoa da. Genero zapalkuntzaren biktima dira.

Asociación de mujeres Dalits

Kasten araudiak ukiezinak bezala ezagunaraziarren, beraiek Dalit deitzea nahiago dute. Zanpatuak, hindiz. Pairatzen duten bereizkeria eta menpekotasuna hobeto isladatzeko asmoz. Joan den mendeko 20’hamarkadatik Dalit taldeek ukiezintasuna, kasten sistema eta suntsipen ekonomikoaren aurka borrokan ari izan diran bitartean beraien eskubideak aldarrikatu dituzte.

Orain arte ezezaguna izan den “Apartheid ikustezin” egoera hau mundu guztiari ezagutarazteko aurrerapen garrantzitsuak egin dira. Ekintza guzti hauen emaitza UN’ko Arraza Bereizkeria Ezabatzeko Komiteak leinu edo kastengatik izandako bereizkeria kondenatzen zuen ebazpen bat onartzea izan da. Giza eskubideen urratze larritzat jotzen zuen mota honetako jokaera.

India mailan, baita ere, aurrerakuntzak izan dira. 1997’ko uztailean Kocheril Raman Narayanan, Dalita, Indiako lehendakari izendatua izan zen. Aldi berean, bide luzea geratzen da Martin Macwan, Daliten Giza Eskubideen Aldeko Kanpaina Nazionaleko eragileak ziurtatzen duen bezala. “Oraindik Dalitak, ehundaka barruti eta estatutan, beldur eta alerta egoera etengabean bizi dira, maila gorenetako miliziek Daliten biziari eta segurtasunari egozten dieten meatxuak direla eta“.

. Asociación de mujeres Dalits

TALDEKA LAGUNDUZ’eko bazkide, laguntzaile, lagun eta kontraparteen “Elkarlanean oinarritutako hezkuntza eta garapena” helburuak, Dalitak jartzen ditu bere lanaren ilusioaren, esfortzuaren eta egitasmoen oinarri eta erreferentzi puntu bezala.

Gure inguruak duen GKE’n altxor langile eta garrantzitsuak badu, dagoeneko. TALDEKA LAGUNDUZ Dalitekin zehazki lan egiten duen kide erreferente bat. Bizi baldintzak eta hezkuntza hobetu ditzaketen beste ekintza eta egitasmo batzuk gutxietsi gabe, TALDEKA’k Daliten eskubideei aurrez-aurre begiratu eta bultzatzen ditu.

TALDEKA’ren gaur egungo ekintza solidarioen garapenaren aukerak Anekaleko -Karnataka Estatuko Bangalore hiriburu ondoan dagoen herria- ume Dalit umezurtz, gaixo eta behartsuenengan bateratzen ditu. Elikadura, garbitasuna eta hezkuntzan hasten diren aukera eta eskubideen berdintasunean oinarritzen dugu ekimena. Dalitak horregaitik dira gure erreferenteak. Hasiz doan laguntzari esker, dagoeneko Euskal-Herrian Dalitekin elkarlanean diardutenen erreferentea gara.

“Merkatuan sorgoa edo artoa saltzen diran bezala saldu izango banu goibeltasuna, munduko aberatzena nintzateke, bizitza honetan tristura asko bizi eta ikusi bait dut”. “Animaliek dalitek baino bizitza hobea dute. Abereek beraien lurrak dituzte eta han jaten dute; guk ez dugu lurrik. Animaliek guk baino eskubide gehiago dituzte” Hitzok Eknath Awad, Indiako “ukiezinen” buruzagiarenak dira. TALDEKA LAGUNDUZ’en Daliten ondoan egiten dugu lan. Beraien giza-bizitza babestu dezaken kontrakultura baten bila. Ulermen eta maitasun kultura berri bat eragin dezaken kondaira berridatzi bat lortzeko duten borrokan. Begirunezko bizikidetza, berdintasuna eta justiziarainoko bidea sendotu dezaken bidea eraikitzen Dalitekin batera izango gara.

.