Euskara  |  Castellano  

Proyectos

PROYECTO DE COOPERACIÓN CON LAS ALDEAS DE ANEKAL

Andramari Eskola

Argi eta Campanillaren oihartzuna
Andra Mari Eskolako gurasoen lan adoretsua jai giroan


Andramari Bagoaz… heldu gara Andra Mari Eskolako jolastokira. Karratu txikiz marraztutako ohola, marrazki zatiak eta gure eskuetan dagoen guztia prest dago. TALDEKA Lagunduzen ilusio, itxaropen eta umiltasunak nolako harrera izango ote du? Etxeko lanak eginda. Goizeko irribarrea aurpegietan. Ea gure behiarena ikusten dugun.
Baina zer da hau? Gure aurreikuspena ez da batere zuzena. Banan-banan etortzekoak zirenak, gure aurreikuspenetan behintzat, multzoka datoz. Adin guztietakoak baina batez ere neskak. Nola ez, mutilak beraien indarrak futbolean berdintzen ari dira. Hemen ere neskak nagusi, baina zenbat! Mutilak ere badatoz, baina amatxorekin gehienetan.
Guk ere behia eta neskato bat ditugu gure marrazki politean, neska batek egina gainera. Eta Sarak egin zigun marrazkia azaltzen ari da. Oholean dauden zenbakiak gero eta gutxiago dira. Baina bazkalordua heldu da eta azkenak luzerako joko du. 100 geratzen dira, 88, eta 68an planto. Behia ikusten da baina hutsuneak deigarriak egiten dira. Deigarriegiak.
“Bueno, zenbat geratzen dira saltzeko?” galdetzen digu Gurasoen Elkarteko ama batek bazkalostean berrindartuta. “Berrogeita hamarretik gora” gure erantzuna.
Ordurako apar eta bits jaia gainditu da. Batzuk buztita, besteak arropa berriekin, oholtza gainean musikaren laguntzaz Andra Mariko gazte eta ez hain  gazteak animatzen diarduen  mutil bizi baten agindu eta xelebrekeriei erantzunez jai giroa bete-betea da.
Han doa gure ama mikrofonodunari behi osoa ikusi behar dela eta jendea gureganatzeko anima dezan eskatuz, edo aginduz? Eguneko hainbatgarren jende aldra handia guregana. Umeak esku txikia euro handiarekin bete-beteta hurbiltzen zaizkigu. “Ez da geratzen beste fitxarik, maittia” esan beharrean aurkitzen gara. Atzetik gurasoak dinozku “Lasai, guk lagundu egin nahi dugu eta hartu mesedez dirua”. 
Sorpresa sorpresaren atzetik eta zenbat eta aurrerago hainbat eta handiago. Azken-aurrekoa, Gurasoen Elkartetik. “Bigarren behia erosteko falta dena guk jarriko dugu”. Pozetik zorionera. Zer gehiago eskatu?
Gurea ematea da. Oraingoan eskerrak. Eskerrak umeei Argi eta Campanilla bezalako izenak aukeratzeagatik Anekaleko behiei. Beraiena da eta beraiek jarri diote izena. Parte hartzaile bakoitzak izena jarri ahal izan dio. Argia eta Campanilla. Balajyothi Anekaleko egoitzak Argi Txikia izena duen bezala Andra Mariko bei batek Argi izango du izena. Oraingo hau, handia. Bere kidearen oihartzuna  ere Andra Maritik entzungo da Campanilla delako bigarrena.
Ikusi, entzun, bizi eta sentiarazi ziguten poza, zoriona eskertzekoa da. Andra Marin izan ginen TALDEKA-kideak egun zoragarria izan genuen. Hamaika egun zoragarri eramango dute hemendik aurrera Argik eta Campanillak Andra Mariko neska-mutilak bezalako gaztetxoei Anekaleko herrixka txiroetara.

 


© 2006 Taldeka Lagunduz | Accesibilidad | Site by punto y pixel | [Valid HTML 4.01 Strict]  [CSS válido]  [Icono de conformidad con el Nivel Doble-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI]