Apirilaren 14tik 20ra bitartean, gure lankide Itziarrek bisita bat egin zuen Anekalera, Getxoko Udalak 2024an finantzatutako Oinarrizko Osasun Proiektua ebaluatzeko. Proiektu hau 2015etik egon da martxan, eta Anekaleko ostatuetako biztanleei, osasun publikorako sarbiderik ez duten 20 herrixkatako pertsonei eta joste-tailerretan parte hartzen duten emakumeei ematen die arreta, besteak beste. Era berean, Indiako iparraldetik datozen eta bizi-baldintza kaskarrak dituzten pertsonak hartzen dituzten bi errefuxiatu-esparruri ematen zaie arreta. Gainera, herrixka horietan desgaitasuna duten pertsonei arreta pertsonalizatua eskaintzea da proiektuaren helburua, haien bizi-kalitatea hobetzeko behar dituzten laguntza eta baliabideak jasoko dituztela bermatuz.
Une horretan oporretan zeuden neskatoen ostatuan hartu zuen ostatu Itziarrek. Egonaldian zehar, CIRWeko taldeari hainbat herrixkatan laguntzeko aukera izan zuen, Laxmipura, Arehalli eta Choodahalli bezalako herrietan ohiko azterketa medikoak eginez.
Hauek dira osasun-proiektuaren zutabeak:
• Programaren koordinatzailea, Sister Joy, jatorriz Tamil Nadukoa da eta CIRWeko lantaldekoa, proiektu honekin zerikusia duen guztiaren buru da, dedikazio osoz. Gizartearekin konektatzeko duen konpromisoa eta gaitasuna funtsezkoak dira oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko.
• Proiektuak St. John Ospitaleko mediku egoiliarren parte-hartze baliotsua du. Hiru hilabetez beren prestakuntza praktikoaren parte gisa proiektuan lan egiten dutenak, proiektuaren koordinatzailearekin koordinazio estuan lan eginez herrixketan oinarrizko arreta eskaintzeko.
• Halaber, CIRWek lankidetza sendoa du Anekaleko ospitale publikoarekin, bertara bideratzen baitira arreta mediko konplexuagoa behar duten kasu guztiak.
Itziarrek CIRWeko beste proiektu batzuk ere bisitatu ahal izan zituen, hala nola emakume-taldeak («Self Help Groups») eta Muthsandrako gau-eskola. Era berean, 2017ko bisitan izandako aurpegi ezagun bat edo besterekin topo egiteko aukera paregabea izan zen.
Proiektu hori Getxoko Udalak diruz lagundu du 2016., 2023. eta 2024. urteetan.